XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lastozko besaulkian eseri eta Mary neskameak gosariko ontziak nola jasotzen zituen begira zegoen Mooney andrea.

Ogi-azal eta ogi-pusketa guztiak bilarazi zizkion astearteko ogi-budinerako baliatzeko.

Mahaia jaso, ogi-puskak bildu eta azukrea eta gurina giltzapean gorderik geratu zirenean, aurreko gauean Pollyrekin izan zuen elkarrizketa berregiten hasi zen.

Berak susmatu bezala ziren gauzak: berak garbi galdetu zion, eta Pollyk garbi erantzun zion.

Deseroso samar egon ziren biak ere, bai.

Berria arinegi hartu nahi ez zuelako edota isil-gordeka aritu zen itxurarik eman nahi ez zuelako egon zen Mooney andrea deseroso, eta Polly, berriz, ez gisa horretako aipamenak beti deseroso jartzen zutelako bakarrik, baizik eta, bere inuzentean, zuhurki, amaren tolerantziaren atzean zegoen asmoa asmatu zuela pentsatzerik nahi ez zuelako egon zen deseroso.

Mooney andreak tximinia gaineko erloju txiki doratuari begiratu zion instintiboki, gogoetaldiaren erdian George's kaleko elizako kanpaiak isildu zirela konturatu zenean.

Hamaikak eta hamazazpi minutu ziren: nahikoa denbora Doran jaunarekin kontua erabakita uzteko eta gero Marlborough Streeten hamabietako meza laburra harrapatzeko.

Bazekien, ziur, irabaziko zuela.

Hasteko, iritzi sozialaren pisua zuen alde: ama iraindu bat zen.